Dislexia zer dan, arrazoiak, mota desbardinak,... azaltzeaz gain, dislexiadun ume bategaz eukindako alkarrizketaz egingo dot berba.
Orain dala zazpi hilabete gitxi gora behera, bederatzi urteko, hau da, L.H.ko laugarren mailako, ume bati klase partikularrak emoteko eskaintza egin eustien. Umea dislexikoa zala jakitean, beharrezkoa ikusi neban dislexiaz informatzea, irakurtzen ikasteko zailtasunak eukiezala bakarrik nekian eta.
L.H.ko lehenengo mailan, bere irakasleak amagaz egin eban berba esanez irakurtzean besteenganako diferentzia nabarmena ebala. Orduan, logopeda batengana joatea erabagi eben eta probak egin eta gero dislexia grabea ebala diagnostikatu eutsien. Umeak lehenengo momentutik jakin izan dau zer eukan.
Berak eskolan bertan laguntza jasotzeaz gain, eskolatik kanpo logopeda batengana doa astean birritan. Hori aprobetxatuz, logopedagaz egiten dauzan ariketa batzuen ereduak iminiko dodaz.
Gai interesgarria da eta hezkuntzan lan egiteko honetaz informatzea ez dago batere txarto.
- Zer da dislexia?
Dislexia hitzak etimologikoki hizkuntzaren zailtasuna esan gura dau.
Definizio desbardinak:
- Munduko Neurologia Federazioa (1975.urtea):
Ohiko hezkuntza, inteligentzia egokia eta aukera soziokulturalak izan arren, irakurtezn ikasteko zailtasuna da.
Asaldura kognitiboek eragiten dabe eta normalean, bere jatorria konstituzionala da.
- Herbeheretako Osasun Kontseiluaren Dislexia Komitea: (Gersons-Wolfensberger, 1997)
Dislexia berben identifikazioaren automatizazioa (irakurketa) edota hitzen idazketa ez daneangaratzen aurkezten da, edo garatzen danean baina ez bere osotasunean edo zailtasun handiagaz.
- Arrazoiak
Faktore hereditarioak dislexia izatea baldintzatu daike. Beste faktore batzuk eragina daben ez dago argi, hala nola; arrazoi genetikoak, haurdunaldian edo erditzean zailtasunak, lesio zerebralak, emoziozko arazoak, eskolan moldatzeko zailtasunak, espazio eta denborazko defizita.
Esparru neurologikoetan egindako ikerketek, bira angularrean (ezker hemisferio zerebralaren aurrealdeko lobuluan lekutzen dan egitura zerebrala) subjektu dislexikoen eta kontrol taldeen artean desbardintasunak aurkitu dabez.
Beste teoria batzuk, aldiz, eskumako hemisferio zerebralak, lana ezkerreko hemisferioak baino abiadura txikiagoan egiten dauala diñoe.
Eskumako hemisferio zerebralak informazio bisuala prozesatzen daualarik eta ezkerreko hemisferioa, barriz, hizkuntza prozesuetaz arduratzen dalarik.
Edo bi hemisferioen arteko lotura ona ez izatea gertatu daiteke.
Eremu soziolinguistikoak; defizit nagusiena, bereziki, ume txikienetan, kontzientzia fonologiko baxuan ikusi da. Kontzientzia fonologikoa pertsonak mintzamena eta idazmena geroz eta egitura txikiagoetan banatzeko dogun ezagutza da.
Honek, ikerketa neurologikoekaz harremana dau.
No hay comentarios:
Publicar un comentario