2007/04/22

DISLEXIAREN TRATAERA


Dislexiaren trataeraz berba egitean lateralitate, espazio-denbora orientazioazko, grafomotrizitate, seriazio,... fitxetan pentsatzen da orokorrean.
Egia esan, guzti hori zailtasun dislexikoetan aurrera egiteko edo horreek gainditzeko ezinbestekoak diran ez dago frogaturik.

Thomsonek gain-irakaskuntza (sobreaprendizaje) gomendatzen dau. Hau da, hizkuntza idatzia (irakurketa eta idazmena) barriro ikastea, baina umearen erritmoa bere gaitasunetara egokituz. Hasieratik akats bako irakaskuntzagaz lan eginez, arrakasta eta emondako pausu bakoitza sustatuz.
Gauza da irakurtze-idazmen teknikak modu egokian berreirakastea, umearentzat egoera atseginak eta erabilgarriak eskainiz eta beraz, arrakasta bultzatuz eta ez bera ohituta dagoan porrotara hurbilduz.

Fitxen erabilera egokia da laguntza moduan eta osagarri legez, ariketaz aldatzeko eta umeak dauzan beharrezko alderdiak lantzeko.

Klaseko egoeran proposamen espezifiko honeek emon daitekez:

- umeak, berataz interesatzen zarala eta lagundu gura dozula ikusi behar dau. Bera irakaslearen erreakzioez ez dago batere seguru eta atsakabetuta sentitzen da

- akats bako ariketa bat egitea umearen aukeretatik kanpo gelditu daitekela jakin eta hori onartu eta ulertu. Bere ebaluazioa bere garapenekaz alderatu eta ez bere kideekaz konparatuz. Hasierako eta amaierako garapena alderatu. Hobetu beharreko arloetan lagundu

- posible bada arreta pertsonalizatua eskaini. Umeak ikusi daiala ulertzen ez dauanaz galdetu daikela bildur barik

- ariketak ulertzen dauzala ziurtatu, askotan ez dauz eta ulertzen. Ariketak zatitan banatu eta egiaztatu, pausuz pausu, ulertu dauzala. Dislexikoa ez da tontoa!

- informazio barria behin eta barriro errepikatu behar jako; bere arreta faltagaitik, berehalako oroimenagaitik eta batzutan arreta gaitasun eskasagaitik

- teknika barri bat menperatzeko ikasle "normal" batek baino praktika gehiago behar dauz normalean

- kontzeptu barriak, aurreko esperientziagaz harremantzeko laguntza beharko dau

- bere pentsamenduak garatzeko, lana amaitzeko denbora emon. Denbora emonda urduritasun gitxiagogaz egingo dau lan eta bere ezagutzak baldintza hobeagoetan erakutsiko dauz. Bereziki, arbeletik kopiatzeko eta apunteak hartzeko

- materiala eta azterketak nonork irakurtzen dadeutsaz lagundu egiten deutsagu. Informazioa jasotzeko irakurtzen badau, bere gaitasunetara egokitutako materialetik egin beharko leuke.
Pasarte bat primeran irakurri daike altuan baina ezer ulertu barik

- bere idazmenaren zuzenketa sistematikoa ukatu

- posible bada azterketa oralak egin, bere irakurketa desegokia, idazmena eta antolaketa gaitasunaren zailtasuna ukatuz

- beste ikasleek baino denbora gehiago behar dau ariketa bat egiteko eta beraz, hori kontutan hartu. Besteak baino gehiago nekatzen da. Lan eroangarriago eta laburrago bat eskaini. Bere frustrazioa eta gitxiespena ez areagotu

- bere lanaz behaketa positiboak egin behar dira, hobetu behar dauzan arloak irakatsiz. Goraipatu behar doguz

- oinarrizkoa da bere autoestima garatzea. Klasean parte hartzeko aukerak emon behar jakoz. Beste ikasleekaz konparaketa negatiborik ez egin. Txisterik ez egin bere zailtasunetaz. Ez badau altuan irakurri gura ez behartu Umea ona dan arloak aurkitu behar dira eta estimulo eta arrakastaren bidez bere autoestima garatu

- arrakasta izateko sentimendua arrakastara daroa eta porrotak, ostera, porrotara

- irakurketa ez dan beste elementu batzuekaz ikasteko aukerak emon: kalkulagailuagaz, datu tablekaz,...

Hezkuntza arloko edozein profesionalek dislexiari buruz zeozer jakin beharko leuke eta aurrean aipatutakoa kontutan hartu. Horrela klaseko arazo asko ekidituko litzatekez.

2007/04/21

GARAPENAREN ETAPAK

Ondoren, dislexiaren garapen etapetako ezaugarriak ikusiko dozuez. Irakasleontzako erabilgarriak dira, euren bidez jakin daikegulako dislexia daukan. Zalantza hori badaukagu berehala eskolako laguntzara joko dogu.

Hiru etapa aztertuko dodaz:


  1. Haur Hezkuntzako umeak (3-6 urte)

  2. 9 urtera arteko umeak

  3. 9-12 urte bitarteko umeak


  • Haur Hezkuntzako umeak (3-6 urte)

- arazo dislexikodun historia familiarra (guraso, neba-arreba,...)


- argitasunez hitz egiten ikasteko atzerapena


- fonetikagaitik antzeko diran hitzen ahoskeran nahasketak


- gauzen multzoen izenak gogoratzeko gaitasun falta: koloreak


- espazioaren orientazioagaz zerikusia dauan hiztegian nahasketa


- arrazoi bariik, eskolan egun "onen" eta "txarren" alternantzia


- trebetasuna eraikuntzarako eta, objektu eta jolas teknikoetan


- errimak ikasteko zailtasunak


- bardin edo antzeko errimatzen daben berbekaz zailtasunak


- sekuentziakaz zailtasunak


- atzerapena egituraketan eta gorputz eskemaren ezagutzan


- ariketa sentsoriozeptiboak egiteko zailtasuna: kolreen desbardinketa, formak, tamainak, posizioak,...


- hutsegite motrizak. Esku lanetan eta grafian abilezia gitxi


- alderantzizkatutako mugimendu grafikoak (grafia erlojuaren orratzen kontrako zentzuan)



  • 9 urtera arteko umeak

- idazten eta irakurtzen ikasteko zailtasun zehatza


- zenbakiak ispiluan idazteko joera


- eskuma eta ezkerra diferentziatzeko zailtasuna


- alfabetoa eta biderketa tablak ikasteko zailtasuna


- arreta eta kontzentrazio falta


- jarrera arazoen agerpena ondo ez egindako ariketen aurrean


- irakurketan erritmo falta


- irakurketa prozesuan arnasa hartzeko sinkronia falta


- puntuazio ikurrak ez errespetatu


- irakurtzen denbora luzatzean, akatsak ere era progresibo baten gehitzen doaz


- irakurtze prozesuan lerro saltoak egin eta jarraipena galdu bista testutik altxatzean



  • 9-12 urte bitarteko umeak

- akats jarraiak irakurketan


- ulermenean hutsarteak


- hizki omisioak idazmenean eta ordenaren nahasketa


- etxean eta eskolen antolaketarik ez


- arbelean eta koadernoan kopiatzeko zailtasunak


- instrukzio oralak jarraitzeko zailtasunak


- beragan konfiantza gehitu eta frustrazioan gehitu


- hizkuntza idatzian eta ahozkoan ulermen arazoak


- jarrerazko arazoak: inpultsibitatea, arreta falta,...


- espazio eta denboraren desorientazioa


- azalpen orala ez oso arina


Azkenik, dislexikoek dabezan ezugarri orokorrak aipatuko dodaz:


- asimetria falta hemisferio zerebralen artean. Hemisferio biak simetrikoak dira


- hemisferio biak lotzen dauzan substantzia masaren tamaina handiagoa da


- Planum Temporale-a, entzuteko informazioaren trataeraz arduratzen dana, ezker hemisferioa handiagoa da


- azal parietalaren simetria. Bertan, berehalako oroimena (B.O.) gordetzen dogularik


- oinarrizko unitate linguistikoen prozeduran hutsuneak (fonema)


- koefiziente intelektuala normala edo askotan altua

2007/04/20

DISLEXIA MOTAK

Jarraian bi dislexia moten ezaugarri nagusiak eta honeen hiru azpi-motak azalduko dodaz.



  • JASOTAKO DISLEXIA




  1. Fonologikoa edo zeharkakoa


  2. Superfiziala edo bisuala edo zuzena


  3. Sakona




  • BILAKAERADUN DISLEXIA




  1. Fonologikoa edo zeharkakoa


  2. Superfiziala edo bisuala edo zuzena


  3. Mistoa




  • JASOTAKO DISLEXIA


Fonologikoa edo zeharkakoa



- fonologikoki informazioa prozesatzeko asaldura, irakurketa bide lexikotik edo bisualetik egiten da



- hitz erregularrak eta ezagunak ondo irakurri



- ezin dabez seudohitzak irakurri, ezta berba ezezagunak, grafema-fonemaren arteko bihurteza ez dabelako egiten



adb,: casa-casu



- ezagunak diran hitzen %100 irakurtzen dabez, baina ez luzeragaitik ezta hitzen erregulartasunagaitik



- akats bisualak gehitzen dira, lexikalizazio asko seudohitzen antzekoak izatean



adb,: playa-blaya



- akatsak hitz antzekoetan.



adb,: firme-forma



- akats morfologiko edo deribatiboak zeinetan erroa mantentzen dan baina atzizkia ez



adb,: andaba-andar



- hitz funtzionaletan akats gehiago (esanahi bakoak) esanahidunetan baino



Superfiziala edo bisuala edo zuzena



- irakurketa prozesu fonologikotik egin eta ez lexikotik



- hitz erregularrak, irregularrak baino hobeto irakurri



- seudohitzak irakurri daikiez



- akatsak hitz irregularren erregularizazioan



- homofonoetan nahasketa, bide lexikoa soinuen bidez gidatua dagoalako eta ez ortografiaren bidez



adb,: vaca-baca



- akatsak omisioan, eransketa, eta hizkien ordezkapenan



Sakona



- bide fonologikoa eta bisuala minduta



- seudohitzak ezin irakurri



- esanahiera heltzeko zailtasuna



- akats bisualak eta deribatiboak



- zailtasunak hitz abstraktu, aditz eta funtzio hitzetan



- akats semantikoak edo paralexiak



adb,: asno-burro





  • BILAKAERADUN DISLEXIA


Bertako ezaugarriak jasotako dislexian aipatutakoak dira. Bien artean dagoan desbardintasun bakarra hirugarren azpi-multzoko izena da. Jasotako dislexian sakona dalarik eta bilakaeradun dislexian, barriz, mistoa.



2007/04/18

DISLEXIA

Hurrengo artikuloetan dislexiari buruz arituko naz.

Dislexia zer dan, arrazoiak, mota desbardinak,... azaltzeaz gain, dislexiadun ume bategaz eukindako alkarrizketaz egingo dot berba.
Orain dala zazpi hilabete gitxi gora behera, bederatzi urteko, hau da, L.H.ko laugarren mailako, ume bati klase partikularrak emoteko eskaintza egin eustien. Umea dislexikoa zala jakitean, beharrezkoa ikusi neban dislexiaz informatzea, irakurtzen ikasteko zailtasunak eukiezala bakarrik nekian eta.

L.H.ko lehenengo mailan, bere irakasleak amagaz egin eban berba esanez irakurtzean besteenganako diferentzia nabarmena ebala. Orduan, logopeda batengana joatea erabagi eben eta probak egin eta gero dislexia grabea ebala diagnostikatu eutsien. Umeak lehenengo momentutik jakin izan dau zer eukan.
Berak eskolan bertan laguntza jasotzeaz gain, eskolatik kanpo logopeda batengana doa astean birritan. Hori aprobetxatuz, logopedagaz egiten dauzan ariketa batzuen ereduak iminiko dodaz.
Gai interesgarria da eta hezkuntzan lan egiteko honetaz informatzea ez dago batere txarto.





  • Zer da dislexia?

Dislexia hitzak etimologikoki hizkuntzaren zailtasuna esan gura dau.


Definizio desbardinak:


- Munduko Neurologia Federazioa (1975.urtea):



Ohiko hezkuntza, inteligentzia egokia eta aukera soziokulturalak izan arren, irakurtezn ikasteko zailtasuna da.


Asaldura kognitiboek eragiten dabe eta normalean, bere jatorria konstituzionala da.


- Herbeheretako Osasun Kontseiluaren Dislexia Komitea: (Gersons-Wolfensberger, 1997)


Dislexia berben identifikazioaren automatizazioa (irakurketa) edota hitzen idazketa ez daneangaratzen aurkezten da, edo garatzen danean baina ez bere osotasunean edo zailtasun handiagaz.



  • Arrazoiak

Faktore hereditarioak dislexia izatea baldintzatu daike. Beste faktore batzuk eragina daben ez dago argi, hala nola; arrazoi genetikoak, haurdunaldian edo erditzean zailtasunak, lesio zerebralak, emoziozko arazoak, eskolan moldatzeko zailtasunak, espazio eta denborazko defizita.


Esparru neurologikoetan egindako ikerketek, bira angularrean (ezker hemisferio zerebralaren aurrealdeko lobuluan lekutzen dan egitura zerebrala) subjektu dislexikoen eta kontrol taldeen artean desbardintasunak aurkitu dabez.


Beste teoria batzuk, aldiz, eskumako hemisferio zerebralak, lana ezkerreko hemisferioak baino abiadura txikiagoan egiten dauala diñoe.


Eskumako hemisferio zerebralak informazio bisuala prozesatzen daualarik eta ezkerreko hemisferioa, barriz, hizkuntza prozesuetaz arduratzen dalarik.


Edo bi hemisferioen arteko lotura ona ez izatea gertatu daiteke.


Eremu soziolinguistikoak; defizit nagusiena, bereziki, ume txikienetan, kontzientzia fonologiko baxuan ikusi da. Kontzientzia fonologikoa pertsonak mintzamena eta idazmena geroz eta egitura txikiagoetan banatzeko dogun ezagutza da.


Honek, ikerketa neurologikoekaz harremana dau.


2007/04/17

ZERGAITIK AUKERATU DOT GAI HAU?

Haur Hezkuntzako irakasle izateko gitxi falta jat, gero lana aurkitzea beste gauza bat da.
Praktiketan benetako errealitatea ikusten da eta orduan konturatzen zara irakaslearen garrantziaz. Irakaslea ez da bakarrik umeak hezitzen dauan pertsona, irakasleak irakasteaz eta umeengandik ikasteaz gain, ardura gehiago daukaz.

Gehien atsekabetzen nauen gaia umeekaz lotuta dago. Zelan dakizu haur batek arazoak dauzala? Eta arazo horretaz ez bazara ohartzen?
Badakit kasu berezien aurrean edo arazodun haur bat dogunean, irakasleok, lehenengo eta behin, aholkulariagaz hitz egin behar dogula. Honek, hezitzaileari
arazoaz berba egiteko modua komentatuko deutso eta gero, irakasleak gurasoekaz egingo dau berba. Beraz, irakaslearen lehenengo baliabidea aholkularia da.
Ume batek egun guztian laguntza behar badau, irakasleak, sikologoaren pautak jarraitu beharko dauz. Sikologoa da haurraren Curriculum-aren Egokitzapen Indibiduala (C.E.I.) egingo dauana.

Eskolaren barneko laguntzagaz nahikoa ez badogu kanpo zerbitzuetara joko dogu, berritzeguneetara hain zuzen ere.

Honegaz jarraituz, niri, lehenengo praktikumean zalantza bat bururatu jatan: 3-4 urte bitarteko haurren arteko desbardintasunak oso nabarmenak diranean, zelan dakigu arazorik dagoan ala ez?

Ni egondako gelan, hiru urteko haurrak ziran gehienak, bost izan ezik. Hiru urtekoen artean baegoan bat, besteekaz alderatuta, garapenari dagokionez nahiko atzeratuta egoana. Ume hau abendukoa da baina horrek batzutan eragina dau eta beste batzutan, barriz, ez dau ezer esan gura. Gauza da ume horrek ez ebala ia berbarik egiten, ariketak egitean ez eban arreta handirik jartzen,... Bera denbora asko emoten eban bere kideak egiten ebena, eta inguruan ebana behatzen, hau da, bi urteko haur batek egiten dauana egiten eban; behatu.

Irakasleagaz haur honi buruz hitz egin neban eta haurra sikologo batera bialtzea komenigarria zala pentsatzen eban (irakaslea izateaz gain, sikologia ere ikasi eban). Hala ere, zalantza asko ebazan; ikasturte hasieratik sei hilabetera izandako garapena ikaragarria zalako eta egunetik egunera aurrerapen asko igartzen jakozalako.
Egia esan, ni egondako hilabete hartan, lehenengo egunetik azkenera eukitako aurrerapena igartzen neutsan.
Garapen hori garrantzitsua dan jakiteko bigarren praktikumera arte itxaron behar neban.

Bigarren praktikuma orain dala hiru hilabete amaitu dogu eta harrituta lotu nintzan ume horren aurrerapenagaz. Asko poztu nintzan; nahiko ondo hitz egiten eban, arreta jartzen eban azalpenetan, galderak egiten ebazan, ... ikasteko gogoa eukala ikusten jakon.

Gauzak ondo joan dira ume horregaz, baina nire kezka da: haur horrek arazoren bat izan baleu eta konturatu izan ez bazina? Agian ohartzen zarenerako berandu da.

Horregaitik hezkuntza premia bereziak behar dabezan umeei buruz arituko naz. Dislexiadun eta
hiperaktibotasundun umeetaz hitz egingo dot.
Kasu honeen aurrean zelan jokatu behar dogun jakitea interesgarria eta beharrezkoda gure lanbidean eta, ume horreek ulertzea eta tratatzen jakitea ezinbestekoa da, eurak baitira garrantzitsuen.

2007/04/16

SARRERA

Hurrengo artikuloetan hezkuntza premia bereziak behar dabezan ikasle batzuei buruz jardungo naz. Baina horregaz hasi baino lehen, gaian sartzeko zenbait azalpen beharrezkoak dira.

Hezkuntza Premia Bereziak (H.P.B.):
Lehenengo eta behin, hezkuntza premia bereziaren kontzeptua azaldu aurretik, edozein ikaslek beharrezko dauan laguntzaz hitz egingo dot.
Ikasleek bi motatako laguntza jasotzeko eskubidea dabe:




  • Laguntza pertsonala --> adibidez; fisioterapeuta, sikologoa, logopeda, pedagogoa,...


  • Laguntza materiala;


- arrunta: testu liburuak, fitxak, koadernoak,...



- ludikoa: jolasak eta jokuak.



- ikerketarako materiala: laborategian erabiltzekoak; mineralak, mikroskopioak,...



Laguntza pertsonala ohikoa ez danean, hezkuntza premia bereziez hitz egiten da. H.P.B.ren kontzeptua 1978.urtean sortu zan eta Warnock izeneko txosten baten agertu zan lehen aldiz.



1981.urtetik aurrera, hezkuntza lege guztietan erabiltzen hasi zan kontzeptu hori.



H.P.B. erabili aurretik beste termino bat egoan: heziketa berezia (H.B.) Kontzeptu honek bereizketa bat egiten eban ikasleen artean. Alde batetik, normalak ziranak eta, bestetik, akasdun ikasleak.



Ondorioz, heziketa berezia ikasle mora batentzat erabiltzen zan, akasdunentzat ( urritasundunentzat), hain zuzen ere. Beraz, akasdun ikasleak desbardintzat hartzen ziran eta beste guztiak, normaltzat.



Horregaitik, H.P.B. kontzeptuaren erabilera sustatu zan, termino hori H.B. kontzeptua baino zabalagoa, orokorragoa eta integraziorako egokiagoa zalako. Bertan, ikasketetan zailtasunak dabezan pertsonak ere sartzen baitira.



Orduan, H.P.B.z arituko gara ikasteko zailtasunen kontzeptua aipatzean. Zailtasun honeek bi ezaugarri dabez: batetik, interaktiboak eta, bestetik, erlatiboak.



Lehenengo zailtasunean inguruneak eragina dau ikaslearengan (eskola, irakaslea,...), hau da, ez da arazo pertsonala bakarrik. Bigarren zailtasunak, ostera, ez dira betirako, aldatuz eta hobetuz joango dira ingurune eta garai zehatz baten emon daitekezalako.



Hezkuntza premia bereziak behar dabean ikasleek eskolan laguntza eskuratzeaz gain, eskolatik kanpo ere laguntza jasotzen dabe. Ikastetxeaz kanpoko zerbitzu hori berritzeguneek betetzen dabe. Berritzeguneak hezkuntza laguntzarako eta hobekuntzarako kanpo-zerbitzu bat da.



Berritzeguneek lehentasunezko ildo batzuk jarraitu behar dabez:





  • eskola inklusiborantz jo behar dabe, T.M.P.ren ardura dana


  • dimentsio sozio-kulturala


  • hizkuntzaren normalkuntza eta eleaniztasuna


  • zientzia teknologia eta garapen iraunkorra


  • ikastetxean kalitatea eta etengabeko hobekuntza


Adibidetzat Ordiziako berritzegunea ikusi daikezue.




Berritzeguneen barne, talde multiprofesionalek (T.M.P.) egiten dabe lan. Euren helburuak hurrengoak dira:





  1. disgnostiko sikopedagogikoa egitea


  2. eskolatze-proposamena egitea


  3. hezkuntza premia bereziko ikasleen jarraipena egitea


  4. irakasleak eta laguntza-langileak aholkatzea eta orientatzea


Eta T.M.P.en menpe langile ibiltariak dagoz: logopeda, entzumen eta hizkuntzako irakasleak, fisioterapeutak, lanerako terapeutak, ikusmen urrituen irakaleak, H.B.ko laguntzaileak, ... Eurak ikastexeko zuzendaritza taldeagaz kooordinazioan dagoz.







2007/03/07

Postak idazten!


Lehenengo posta idatzi dot!

Posta batek beti hiperloturak euki behar dauz.

Argazkiak sartzen ikasi dot!



Erreza da!!